top of page

Noticias de Gipuzkoan erreportaje majoa egin digute

Aste honetan Loiolan izan gara elkarteko zenbait kide, gure lau hankako laguntxoekin. Erreportaje polita egin digu bertan Jabi Leon kazetariak. Hemen Noticias de Gipuzkoako albistea.

Animaliak babesteko jaioa

ANIMALI GUZTIEN ESKUBIDEAK BERMATZEKO ETA HAIEN URRAKETA SALATZEKO OINATZ ELKARTEA SORTU DUTE AZPEITIAN

Elkarteko kide batzuk

ANIMALIAK maite dituzten azpeitiarrek badute haien eskubideen alde lan egiteko aukera herritik irten gabe. Izan ere, herritar batzuk "azpeitiar guztien partaidetzari irekita" dagoen Oinatz elkarte animalista sortu berri dute herrian. NOTICIAS DE GIPUZKOA elkarteko hainbat kiderekin elkartu da, beti ere, taldearen helburuak eta funtzionamendua ezagutzeko.

Haizea Odria Oinatz elkarteko kideak azaldutakoari eutsiz, "animaliek gure herrian jasotzen duten tratuagatik kezkatuta, urte honen hasieran adin desberdineko hainbat herritar biltzen hasi ginen eta bilera horietan elkarte animalista osatzea erabaki genuen". Orain arte taldeko lagunak "hilean behin" elkartu izan dira Udalak euren jarduera aurrera eraman ahal izateko Sindikatu Zaharreko eraikinean lagatako lokal batean. Hala ere, aurrerantzean "sarriago" elkartzeko asmoa azaldu dute "animalien babeserako gaien inguruan lan asko egiteko dagoela iruditzen zaigulako", aitortzen du Aitor Aldalur azpeitiarrak. Ildo horretatik, elkarteko kideek Azpeitian "galdutako animaliak identifikatu, jaso, babes-leku bat aurkitu eta irtenbide egoki bat bilatzeko hutsune nabarmenak" daudela ikusi dute. Gainera, "herrian horren alde jardungo duen talde sendorik ez zegoela ikusita", animalien inguruan sortzen diren kezkak argitzeko eta laguntza eskaintzeko erreferentea izateko asmoarekin jaio den Oinatz elkarte animalista osatu dute. Taldearen helburu nagusia "animalien eskubideak babestea" izango da eta horretarako Oinatz elkartea osatzen duten lagunek hainbat pauso emango dituzte: Alde batetik, animalien eskubideak urratzen dituzten kasuak aztertu eta salatuko dituzte; beti ere, "egoera horien jarraipen bat eginez eta aldatzeko beharrezkoak diren neurriak aztertuz". Era berean, taldeko kideek animalien aldeko jokabideak publikoki txalotuko dituzte eta animalien eskubideen aldeko ekintzen berri emango dute. Azkenik, herritarren artean animalienganako jokabide etikoa bultzatzeko "mahai informatiboak, kontzientziazio kanpainak, elkarretaratzeak eta bestelako ekintza publikoak" antolatuko dituzte. Edonola ere, taldeko kideek ondo dakite ezin dela animalienganako herritarren jokaera egun batetik bestera aldatu. Horregatik, euren helburu nagusia lortzeko hainbat ideia ipini dituzte mahai gainean "poliki poliki gizartean bidea egiten joateko". Ideia horien artean ondorengoak nabarmendu daitezke: "herriko animalien inguruko arautegia aztertu; Udalarekin harremanetan egon gai hau elkarlanean jorratuz bidea egiteko; abandonatutako eta galdutako animalien kudeaketa egokia bermatu; herrian eta inguruetan bizi diren animaliak identifikatu eta beraien egoerari buruzko azterketa egin; animaliekin elkarbizitza hobetzeko ikastaro edo hitzaldiak antolatu eta ikastetxe, komunikabide, sare-sozial edo herrian bertan sentsibilizazio kanpainak abian jarri". Bestalde, Oinatz elkarte animalista osatzen duten guztiek (momentuz dozena bat lagun dira) taldea "guztiz irekia dela" azpimarratu nahi dute. Hori dela eta, animalien alde lan egin nahi duen edozein herritar ongi etorria izango da bestelako ekarpenak kontuan izango dituen elkarte honetan. Taldearekin kontaktuan jartzeko gogoa duten guztiek oinatzanimalista@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo oinatzanimalista.blogspot.com web gunea begira dezakete. Era berean, elkarteko kideek facebook.com/oinatzanimalista perfila ireki dute. Taldean "herritar guztien pentsamoldeak" errespetatzeko prest daude baina, hori bai, "gurekiko errespetu berdina exijituko dugu".

ZEZENKETEN AURKA San Inazio egunean zezen plaza aurrean elkartzeko deia Oinatz elkarte animalistak "lehentasuna" ematen dio "tortura eta hilketa ikuskizun bihurtzen dituzten zezenketak gure herritik desagertzeari". Taldekoek badakite zezenketak Azpeitiko historian sustraiturik dauden ohitura eta usadioa direla "baina horrek ez dio ezeri zilegitasunik ematen". Beraientzat, ikuskizun hau festa giroan ospatzeak "balore kaskarrak trasmititzen dizkio gizarteari eta bereziki ume eta gaztetxoei". Zezenketak zalatzeko, Oinatz taldea osatzen duten herritarrek azpeitiar guztiak animatu nahi dituzte hilaren 31n (17.00etan) zezen plaza aurrean egingo duten elkarrateratze ekitaldian parte hartzera "posible bada beltzez jantzita".

bottom of page