top of page

Erakusketarekin gustura!

Gezur bat mila bider errepikatuta azkenean egia bihurtzen omen da. Zezenketa-zaleen arrazoiek ere, ez badiezu buelta askorik ematen, badirudi zentzua dutela. Kontua da norbera arrazoi horietan sakontzen hasten denean, informatzen, galdetzen, irakurtzen... konturatzen zara agian ez dizutela errealitatea den bezela kontatu. Haiek libre dira beraiena defendatzeko. Guk daukagu esaten diguten guztia besterik gabe ez onartu eta egia bilatzeko betebeharra.


Hauxe izan zen "10 ARRAZOI: Zezenketa-zaleen aitzakiak hankaz gora jartzen" erakusketaren abiapuntua. Uztailaren lehen hamabostaldian, Sanagustin Kulturgunean egon da ikusgai.

DSC_0265.JPG

Erakusketa hau, ez genuen modu "tradizional" batean planteatu nahi; hau da, zezenketen kontrako gure argudioak beste gabe erakutsi eta ikusleari "hau da zuzena" esan eta kitto. Hori mila aldiz egin da dagoeneko. Jendeari pentsatu arazi egin nahi genion. Horregatik, orijinala iruditu zitzaigun buelta eman eta beste aldetik abiatzea, hau da, aldeko arrazoietatik. Horrela, bi ikuspegiak azaltzen genituen eta ikusleari utzi erabakitzen. "Hau da errealitatea, orain zuk hausnartu eta erabaki" esan nahi genien, inposatu gabe. Horregatik uste dugu gustatu dela hainbeste.

DSC_0274.JPG

Bestalde, "light-egia" dela ere esan digute. Baina guk ez genuen irudi gogorrez eta odoltsuz bete nahi. Gure ustez, horrek askotan errefusa sortzen du, jendea ez gerturatzea gogorra egiten zaielako irudi horiek ikustea. Guk uste dugu askotan irudiak baino gogorragoak izan daitezkela hitzak, gogoetak, galderak, norberaren kontraesanak agerian uztea. Badakigu, normala den bezala, zezenketa-zaleei ez diela batere graziarik egin. Batzuei, ziur asko, barnean dituzten kontraesanak azaleratu zaizkielako. Beste batzuei berriz, urteetan eraiki eta saldu duten zezenketen irudi ideal eta errentagarri hori kolokan jartzen hasi garelako. Uste dugu errespetuz eta elegantziaz egindako lana izan dela. Jakin dugu lagun artean gaia atera dela eta eztabaida sortu dela, eta horixe zen, hain zuzen, helburuetako bat. Zorionak, eskerrak eta aurrera jarraitzeko animoak jaso ditugu. Eta halaxe egingo dugu, ez izan zalantzarik!

DSC_0266.JPG

Prentsan:

bottom of page