top of page

Beltxita

Atzo Beltxita ezagutu nuen. "4 edo 5 egun daramatza hor, honezkero hilda eongo da!" erantzun zien baserritar batek, abuztuko egun bero batean kunetan kotxe batek harrapatuta aurkitu zuen bikoteari. Ez zegoen hilda. Baina ia. Atzeko hanka apurtu bat arrastaka zeraman, lepoa zarrastatua eta haragi bizitan zeukan eta zizareek janda zegoen. 4 edo 5 egun, bera jasotzeko kotxerik gelditu ez zela... Kotxean sartu eta presaka albaitariarengana eraman zuten. Eta Beltxita kontsultako metalezko mahaiaren gainean etzanda zegoela, Maiderrek eskuan injekzioa zuela begiratzen zuen eszena izugarria, sufrimenduarekin bukatu ala salbatzen ahalegitzearen artean zalantzan. Orduan laguntzaileak haginak begiratu zizkion Beltxitari eta "gaztea da, saiatu egin behar dugu" esan zuen. Bi hilabetez, atseden hartzeko kontsultan prestatu zioten aterpetik ateratzerik ez zuen nahi izan Beltxitak. Gauez bakarrik ateratzen zen jatera, denak joanak zirenean. Izan ere, min fisikoez gain, Beltxitak izua zien pertsonei, tratu txarrak jasan zituenaren adierazgarri. Asteburutan Maiderrek bere etxera eramaten zuen eta Beltxita gelako txoko urrun eta ezkutuenean kizkurtzen zen. Denak beldurra ematen zion. Mikrouhinaren txistuak ikaratuta korrika irtetzea eragiten zion; kaxoi bat isteko kolpeak izutu egiten zuen. Maiderrek besotan hartzen zuen sofara igotzeko eta Beltxitak ihes egitea bakarrik nahi zuen, azkenean lasaitzea eta bere ondoan etzatea lortzen zuen arte. Pixkanaka Beltxita sendatzen ari da. Herren egiten du oraindik, baina hautsitako hankaren mugimendua berreskuratu du. Eta bere zaurien orbainak ezkutatzen dituen ile beltz ederra dauka. Bere mantatxoa dauka kontsultan, Maiderren mahai ondoan. "Nire itzala da, noan lekura noala, jarraitu egiten dit" esaten du irribarrez. Berekin korrika egitera eramatea okurritu zitzaion baina beldurtu eta ihes egingo ote duen beldur denez, soka luze bat erosi du eta bere gerrira lotu. Batzuetan korapilatu egiten zaio, baina ez dio axola Beltxitak eroso korrika egin dezakeen bitartean. Etxera iristen denean ez da ezkutatzen eta sofara doa zuzenean. Orain Beltxitak txakur batekin topo egiten duenean isatsa mugitzen du jada, baina ezezagunen beldur da oraindik. Maiderrek badaki dauzkan ondorioekin zaila izango dela Beltxitarentzat familia egoki bat aurkitzea eta gainera ez du edozeinekin utzi nahi. "Norbait berezia eta konfidantzazkoa izan behar du". Beltxita pertsona berezienarekin gelditu da azkenean; ezin zuen bestela izan. Orain Maiderren familiako kide da. Eta Maiderrek, beti katuak izan dituenez baina txakurrik ez, familian txakurrak izan ditugunok hain ongi ezagutzen dugun lotura berezi hori orain ulertzen duela dio. "Nire txakurra da orain, badakizu? Nire laguna da, NIRE Beltxita da." dio emozioz beteriko begiekin. Gure lagun animalien bizitzak salbatzen dituzten bihotz oneko guzti horiei. ESKERRIK ASKO. Haizea Odria

bottom of page